Tomas Salazar Aizkorriko Bira - Ibilbidea

Tomas Salazar Aizkorriko Bira

Beasaingo Aizkorriko Mendizale elkartetik aterako gara Lazkaorantz. Errepide Nazionalaren azpitik lehen bidegurutzean eskuinera hartuko dugu Batxilergoko Instituturantz. Institutua pasa ondoren, eskuinerantz doan pista bat hartuko dugu. Goranzko bidean baserri baten albotik pasako gara. Aldapa bukatzen denean beste pista bat ikusiko dugu eta zuzen jarraituko dugu hesi batzuei jarraituz. Bideak eskuinerantz egiten du. Ondoren, ezkerretara hartu beharko dugu “Gaitin” baserritik pasatzeko eta asfaltozko bide estu batetik jarraituko dugu. Olaberrira iritsiko gara.

Beherantz egingo dugu. Lazkaotik datorren errepidea gurutzatuko dugu eta asfaltozko bide batetik zuzen jarraituko dugu. Hortik “Ojarbi” baserrira edo dorretxera helduko gara.

aizkorri8Dorretxea eskuinean utzi eta bideari ekingo diogu, Esparru mendirantz doan goranzko bidetik. Berehala, eskuinetara hartuko dugu, uraren depositoa eta iturria ezkerretara utzita. Bi ate metaliko gurutzatu ondoren, “Esparru” edo “Irumugata” mendiaren magalean egongo gara. Hemendik, “Arantxamendiko portua” (782 m) izeneko zelaietara iritsiko gara. Mendi honen gailurrean Idiazabalgo eta Ataungo lurrak bereizten dituen alanbrezko hesi bat dago. Alanbrezko hesia jarraituz, hegoaldeko norabidean, Lizarbe mendi-lepora iritsiko gara. Idiazabalgo aldeko iturritik jarraituko dugu, “Unanibe” (840 m) mendi-lepora. Hemendik Etxegarateko portura (658 m) jaitsiko gara, sakanetik barrena.

Errepide nazionala gurutzatuko dugu eta hego-mendebaldeko bidea hartuko dugu, GR-121eko arrasto zuri eta gorriak jarraituz. Bide horretatik Otzaurtera iritsiko gara (671 m). Hemendik Beundera doan pista hartuko dugu. Beunden pistak eskuinera egiten du. Pista hori utzi eta, berriz ere, eskuinera ondo zaindutako borda batetik pasako gara. Hemendik “Añabaso” mendira igotzen hasiko gara (964 m).

Añabaso menditik jaitsi, erreka gurutzatu eta San Adriango aterpetxera iritsiko gara.

aizkorri9San Adrianetik “Lizarrate” mendirantz doan bidea hartuko da. Mendi honen azpian San Adriango tunela dago. Tunel hori gurutzatuta, erdi-aroko galtzadatik jarraituko dugu. Bideak ezkerretara egiten du, baina guk eskuinetara hartuko dugu. Aldapa gogorra da. Bideko seinaleak jarraituz kalbarioko lehen gurutzeak ikusiko ditugu. “Mandobide”ra iritsiko gara eta Aizkorrira iristeko azken zatiari ekingo diogu (1.528 m).

Urbiarako bidea hartuko dugu eta Arbelarreko txaboletara iritsi baino pixka bat lehenago gorantz doan bidea hartuko dugu Andreaitzeko pasabidera. Ondoren bidegurutze batean izango gara eta zuzen jarraituko dugu Oamendi mendiaren ertzetik joanez, Ormakikoko menditontorreraino.

aizkorri10Ondoren, Zeraingo bidea hartuko dugu, balizaz seinalizatutako bide bat jarraituz. Hemendik, orain dela gutxi egin duten pista batera jaitsiko gara. Aska baten parera iristen garenean, eskuinera doan alanbrez hesitutako pista bat hartuko dugu. Hortik bigarren aska baten parera iritsiko gara eta eskuineko bidetik, Urruzti baserriaren ondotik, Barbarisetik Zegama eta Zerain lotzen dituen errepidean izango gara. Ostatuaren atzeko aldetik jarraituko dugu, hormigoizko pista batetik. Hemendik, Segura eta Mutiloa lotzen dituen errepidera iritsiko gara. Segurarantz doan errepidea hartuko dugu eta ezkerretara hartuko dugu Segurako “Santa Engrazia” auzora iristeko.

Azken aldapari ekingo diogu. “Zelaundieta zarra” eta “Zelaundieta berri” baserrietatik pasako gara eta Idiazabalgo Urbizu auzora iritsiko gara. Ondoren, Muxika baserritik Gudugarreta auzora iritsiko gara, Anzizar auzotik herrira sartu eta hirigunea gurutzatuz Beasaingo Bideluze plazan amaituko dugu bira, Aizkorri Mendizale Elkartean.