Ibilbidea

Beasaingo Aizkorriko Mendizale elkartetik(Jose Martin Arana 2) aterako gara Lazkaora bidean. Errepide Nazionalaren azpitik lehen bidegurutzean eskuinera hartuko dugu Batxilergoko Instituturantz. Institutua pasa ondoren, eskuinerantz doan pista bat hartuko dugu. Goranzko bidean baserri baten albotik pasako gara. Aldapa bukatzen denean beste pista bat ikusiko dugu eta zuzen jarraituko dugu hesia jarraituz. Bideak eskuinerantz egiten du. Ondoren, ezkerretara hartu beharko dugu Gaitin baserritik pasatzeko eta asfaltozko bide estu batetik jarraituko dugu. Olaberrira iritsiko gara.

Beherantz egingo dugu. Lazkaotik datorren errepidea gurutzatuko dugu eta asfaltozko bide batetik zuzen jarraituko dugu. Hortik Ojarbi baserrira edo dorretxera helduko gara.

Ojarbi dorretxea eskuinean utzi eta bideari ekingo diogu, Esparru mendira doan goranzko bidetik. Berehala, eskuinetara hartuko dugu, uraren depositua eta iturria ezkerretara utzita. Bi ate metaliko gurutzatu ondoren, Esparru edo Irumugata mendiaren magalean egongo gara. Hemendik, Arantxamendiko portua (782 m) izeneko zelaira iritsiko gara. Alanbrezko hesia jarraituz, hegoaldeko norabidean, Lizarbe mendi-lepora iritsiko gara. Idiazabalgo aldeko iturritik jarraituko dugu, Unanibe (840 m) mendi-lepora. Mendi honen gailurrean Idiazabalgo eta Ataungo lurrak bereizten dituen alanbrezko hesi bat dago. Hemendik Etzegarateko portura (658 m) jaitsiko gara, sakanetik barrena.

Errepide nazionala gurutzatuko dugu eta hego-mendebaldeko bidea hartuko dugu, GR-121eko arrasto zuri eta gorriak jarraituz. Bide horretatik Otzaurtera iritsiko gara (671 m). Hemendik Beundera doan pista hartuko dugu. Beunden pistak eskuinera egiten du. Pista hori utzi eta, berriz ere, eskuinera ondo zaindutako borda batetik pasako gara. Hemendik Añabaso mendira igotzen hasiko gara (964 m).

Añabaso menditik jaitsi, erreka gurutzatu eta San Adriango aterpetxera iritsiko gara.

San Adriandik Lizarrate mendira doan bidea hartuko da. Mendi honen azpian San Adriango tunela dago. Tunel hori gurutzatuta eta erdi-aroko galtzadatik jarraituko dugu. Bideak ezkerretara egiten du, baina guk eskuinetara hartuko dugu. Aldapa gogorra da. Bideko seinaleak jarraituz kalbarioko lehen gurutzeak ikusiko ditugu. Mandobidera iritsiko gara eta Aizkorrira iristeko azken zatiari ekingo diogu (1.528 m).

Urbiara doan bidea hartuko dugu eta Arbelarreko txaboletara iritsi baino pixka bat lehenago gorantz doan bidea hartuko dugu Andreaitzeko pasabidera. Ondoren bidegurutze batean izango gara eta zuzen jarraituko dugu Oamendi (862 m.) mendiaren ertzetik joanez, Ormakikoko menditontorreraino.

Ondoren, Zeraingo bidea hartuko dugu, balizaz seinalizatutako bide bat jarraituz. Hemendik, orain dela gutxi egin duten pista batera jaitsiko gara. Aska baten parera iristen garenean, eskuinera doan alanbrez hesitutako pista bat hartuko dugu. Hortik bigarren aska baten parera iritsiko gara eta eskuineko bidetik, Urruzti baserriaren ondotik, Barbarisetik Zegama eta Zerain lotzen dituen errepidean izango gara. Ostatuaren atzeko aldetik jarraituko dugu, hormigoizko pista batetik. Hemendik, Segura eta Mutiloa lotzen dituen errepidera iritsiko gara. Segurarantz doan errepidea hartuko dugu eta ezkerretara hartuko dugu Segurako Santa Engrazia auzora iristeko.

Azken aldapari ekingo diogu. Zelaundietazarra eta Zelaundietaberri baserrietatik pasako gara eta Idiazabalgo Urbizu auzora iritsiko gara. Ondoren, Muxika baserritik Gudugarreta auzora iritsiko gara, Anzizar auzotik herrira sartu eta hirigunea gurutzatuz Beasaingo Bideluze plazan amaituko dugu bira, Aizkorri Mendizale Elkartean.

Araudiak

Naturarekiko errespetua100%
Berdintasuna100%
Laguntasuna100%
Ahalegina100%

[ PDF ] Araudiak deskargatu

Normativa en PDF
  • 8-16 urte bitarteko gazteek parte har dezakete.
  • 8-12 urte bitartekoek heldu baten laguntzaz etortzea ezinbestekoa dute.
  • Ingurunearen zaintza bermatu behar da, ingurunea errespetatuz eta zakarrak jasoz.
  • Aldez aurretik izena ematea gomendagarria da.
  • Irteeraordua, goizeko 8etan izango da, Aizkorri Mendizale Elkartearen egoitzatik. Parte hartzaileak 7:45ak baino lehen irteeran egon beharko dira.
  • Parte-hartzaile guztiek txarteletan azalduko diren kontrol-guneetatik pasatu beharko dute. Gune bakoitzean txartela zigilatu egingo da (ordua idaztearekin batera); horrela, proba guztia egin dela ziurtatu ahal izango da.
  • Hau mendibilaldia da eta ez lasterketa. Hori dela eta, ibilbidean helduekin batera taldetxoetan ibili behar da korrika egin gabe.
  • Arautegiaz kanpo sor daitezken edozein arazoz erabakia hartzeko ardura osoa, antolakuntzak izango du.
  • Honako datu hauek eskatuko zaizkie parte hartzeko interesa dutenei:
  • Izena eta bi abizenak.
  • Adina
  • 12 urtez beherakoentzan arduradun helduaren izena eta NAN.
  • Udalerria eta ikastetxea.
  • Gauden urteko federazioko lizentziaren zenbakia izango balu.
  • Partaide den klubaren edo taldearen izena izango balu.
  • Antolakuntza araudi hau aldatzeko eskumendun da.
  • GAZTEEN BIRA AIZKORRIRA BEGIRAn parte-hartzeko izen emateak, gazteen tutoreak ARAUDIA ontzat jotzen duela esan nahi du.

Mediku Aholkuak

  • Erritmoa bakoitzaren gaitasun fisikoetara mugatu. Lehenengo ordu erdia, beroketa gisara hartu, motel samarra izango da. Astean zehar entrenamendua egitea komeni da, gutxienez biegunez, footinga, ibilaldiak, txirrinduaz, gimnasia, eta abar.. ordubeteko iraupenez.
  • Bi orduz behin jan eta edan. Ura soilik edo isotoniko nahasketaz, infusioz eta abar...; gorputzak erraz onartzen dituen energiadun elikagai solidoak: fruitu lehorrak, zekale barrak, txokolatea, menbrilloa, gailetak, eta abar...
  • Janzkera eguraldiaren arabera egokitu. Jantzi iragazgarriak erabili. Ordezko jantziak eraman, batez ere aldagarriak eta galtzerdiak. Burua txano batez eta lepoa zapi batez estali.
  • Motxila arina eta edukiera txikikoa. Bertan izango ditugu ordezko jantziak, xira, edalontzia, elikagaiak, botikintxoa, mapa eta iparrorratza.
  • Oinetako egokiak. Erdi mailako mendirako bota da egokiena, txorkatilari egoki eutsiko diona eta kanabera altua duena. Oinari egoki doakiona, oina libre egon ez dadin eta urradurarik ez sortzearren. Material egokiena larru soilekoa edo material sintetikoz nahastutakoa da. Ez irristatzeko zona ona. Artilezko edo zuntz sintetikoz nahasturiko galtzerdiak dira onenak.
  • Botak jantzi eta ondo lotu. Oinazpiak botaren zolari atxikia behar du, mingaina ondo luzatua eta korapilo ez iheskorrez lotuta, laxatu ez dadin. Jaitsieretan lokarriak askatu eta berriz lotzea komeni da.
  • Oinen garbitasuna. Ibilbidearen aurretik eta ondoren garbitu egin behar dira. Azkazalak moztu, ertzak borobilki utziz; horrela, zauri eta infekzioak ekidin ditzakegu.
  • Oina zoruari egokitu. Gehienek, duten oinkera dela eta, plantilla edo gailu ortopedikoak behar dituzte oinera egokitzeko.
  • Oinaren azala babestu. Min edo urradurarik azal litekeen lekuetan oihalezko edo silikonazko babesgarriak ipini.
  • Oinetako babei kasu egin. Ibilaldian zehar babaren bat sortzen bada, aurrera egin nahi bada, baba zulatuz hustea komeni da, ondoren antiseptikoa eta silikonazko babesgarria ipini ondo itsatsita.
Naturarekiko errespetua100%
Berdintasuna100%
Laguntasuna100%
Ahalegina100%

Zerbitzuak

Aizkorriko Bira - Dutxak
Aizkorriko Bira - Edariak
Aizkorriko Bira - Oheak

Dutxak eta aldagelak.

Ibilbidean zehar kontrol batzuetan abituailamentua izango da, bertan edaria eta jakiak eskeiniz.

Bezperaz etorri nahi dutenentzat lo lekua eskeiniko da (zakua ekarri beharra). Interesatuak gutxienez bira baino bi egun lehenago info@tomasaizkorrikobira.com helbidera mezua bidali.

BALIABIDEAK ETA PROBAREN EDUKIA

Ibilbideaz gehiago ezagutzeko eskuragarri dagoen edukia.


Distantzia: 52 km.
Desnibela: 2000 m.

Ibilbidea PDF/JPG formatoan

Ibilbidea eta trazaduraren deskarga.
Tomas Salazarren jatorrizko marrazkia

Ibilbidea 3D

Esteka honetan ikus dezakezu ibilbidea, 3Dn. Kanpoko zerbitzarietan ostatatutako edukia: YouTube.

Aizkorriko Biraren profila

Esteka honetan ikus ditzakezu profila eta desnibelaren apa.
Tomas Salazarren jatorrizko marrazkia

Ibilbidea formatu digitalean

Ibilbidea KMZ/GPX formatuan deskarga dezakezu zure GPS posizionamendu gailuan inportatzeko.

Aizkorri Mendizale Elkartea

Jose Mª Arana kalea, 2.behea
20200 Beasain (Gipuzkoa)
info@tomasaizkorrikobira.com
Tel. 943 162 278
Image

Hautatu hizkuntza